XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Bizkor segitu aurrera eta laster, kale baten kantoiko kafetegi batera iritsi zen Peter.

Abegileku zioen kafetegiko errotuluak.

Leihotik barrura begiratu eta gero barrura sartu zen Peter.

Tea eskatu eta eseri egin zen.

Ia hutsik zegoen kafetegia.

Gizon zahar bat zegoen bazterrean eserita egunkaria irakurtzen.

Peteren ondoko mahaian gizon gazte bat eseri zen, zigarroa erretzen; hogeitabosten bat urte izango zituen.

Te pixkat hartu ondoren, kikarak eta platertxoak garbitzen ari zen kafetegiaren jabearekin hitz egitera hurbildu zen Peter.

- Arratsalde on - esan zion.

- Baita zuri ere - erantzun zion jabeak. Zer nahi duzu, ba?.

- Lagun zahar baten bila ari naiz. Inguru honetan bizi zen.

- Orduan, ezagutuko dut agian - erantzun zion jabeak, burua altxatu ere egin gabe. Nola du izena?.

- Jeff. Jeff Beek- esan zion Peterek ahots apalez.

Eskuetan zeukan kikara erori zitzaion jabeari; eta apurtu egin zitzaion zoruan.

- Ez, jauna - erantzun zion hark. Ez dut izen horretako inor ezagutzen.

Hutsegiteren bat izango duzu.

- Ziur zaude?- galdetu zion Peterek jabearengana oso hurbilduz. Ezagutzen duzula uste dut nik.

- Entzun. Ezetz esan dizut.

Eta ez dut atsegin galdezka ibiltzen den jenderik.

Zergatik ez duzu aldegiten eta beste norbaiti galdetzen? - oihu egin zion jabeak.

Zoaz hemendik! Kanpora!.

- Ongi da, banoa. Eskerrik asko zure laguntzagatik.

Kafetegitik irten eta kalean aurrera abiatu zen Peter.

- Barkatu, esango didazu ordua, mesedez? - galdetu zion ahots batek atzetik.

Jiratu egin zen Peter. Kafetegian beraren ondoan eserita zegoen gizona zen.